Ahozko literatura osatzen duten hitz neurtuz egindako bertsoak dira. Erronda eginez, ospakizunetan eta eskean ibiltzeko abesten dira ahoz aho transmititu diren ahapaldi hauek: Santa Ageda, Olentzero, Eguberri... Kantatzen dena eskertzeko, etxeetako jendeak sariren bat ematen du. Jatorria Erdi Aroan dutela uste da eta hasiera batean bat-batekoak izan arren, buruz ikasi eta abesten dira gaur egun.
Metrika
Koplek lau bertso-lerro dituzte. Silaba kopuruari dagokionez, eskema hau jarraitzen dute:
Eder zeruan izarra 8A Hari begira lizarra 8A etxe hontako nagusi jaunak 10- urre gorrizko bizarra 8A
Esanahia
Koplaren lehen bi lerroek ideia poetiko bat edo naturaren irudi bat irudikatzen dute.
Azken bi lerroek, ordea, nahi edo desio baten berri ematen dute. Indarra, koplaren garrantzia, hemen adierazten da.
Bi zatien artean ez dago loturarik, ez da erlazio logikorik agertzen.
Baladak
Baladek (erromantzeak ere deituak), AHOZKO LITERATURAREN barnean beste multzo bat osatzen dute. Gaiak anitzak dira eta hauek kontuan izanik, nahiz sortutako garaiaren arabera egiten da sailkapena. Bertso hauek herriak egin zituen eta belaunaldiz belaunaldi igorriz, gaur egunera arte iritsi zaizkigu. Ez dugu egileen izen propiorik. Kontakizunen gaiek edo pertsona ezagunei buruzko kantek emango digute askotan garaiaren berri: Bereterretxeren khantoria, Beotibarko gudua...
Baladak narrazio kantuak dira, sortu ziren garaiko gertakariak bertsoz kontatzen dituzte eta askotan atzekoz aurrerako egitura dute, gertakariaren amaiera kontatzen da lehenik.
Ez dira Euskal Herrian sortzen diren adierazpenak soilik, Europan ere halakoak badira eta gaiei dagokienez, nahiko antzekoak izaten dira askotan.
XV-XVI. MENDEAK: BALADA EPIKOAK
Gudu-kantak: Erdi aroko banderizoek arteko guduak kontatzen dira. Eresiak: Erdi Aroko hileta-kantak dira (Milia Lasturkoren eresia).
XVI. mendea, Errenazimendu garaia dugu eta aldaketak gertatzen dira ahozko literaturan. Zenbait genero sortu eta beste batzuk desagertzen dira. Inprenta asmatu, testu herrikoiak erabiltzen dira eta banderizoak desagertu.
XVII. MENDEA: BALADA EPIKO-LIRIKOAK
Gudu-kantak eta maitasunezkoak: ezin dira garaiko gertakarien lekukotzat hartu, ez baitute datu zehatzik ematen: Pertsonaiak, lekuak eta garaiak ezin dira zehazki ezagutu. Hala ere, Europako literaturarekin konparatuz, garai berean antzeko baladak abesten zirela jakin daiteke. Narrazio objektiboak eta elkarrizketa dramatikoak tartekatzen dira. Hemen kokatuko ditugu: Arrosa Xuriaren azpian, Brodatzen ari nintzen, Goizian gozik...
XVIII. MENDEA: BALADA LIRIKOAK
Gai nagusia maitasuna da. Sinbolo ugari erabiltzen da eta elkarrizketa da nagusia. Horietako poema asko XIX. mendeko lehen partean bildu eta argitaratzen hasi ziren, kantutegi indartsu bat osatuz. 3. multzo hau ugariena da eta ziurrenik, hoberena. Balada liriko gehienak iparraldean bildutakoak dira.